Grezia’96 - Kotxez Greziaraino egindako bidaia kontakizuna
Uztailak 3:
Azkenean bidaia egiteko prest gaude. Geure intentzioa gaur gauean, goizeko laurak
aldera irtetzea da, kotxez. Familiako bostak joateko asmoa daukagu: aitak, amak,
arrebak, txakurrak eta nik alegia.
Aurreplangintza bat ere badaukagu: Donostiatik atera, Frantzia hegoalderantz. Niza edo
Monaco pitin bat ezagutu eta Italia alderantz. Erromara iritsi aurretik beste nonbaiten ere
geldituko gara. Erroman egun pare batean aita santuarekin egon eta gero, zuzenean
Brindisi aldera. Han ferrya hartuko dugu Greziara iristeko.
Grezian lasai ibiltzeko asmoa dugu: Atenas, Poleponeso, Olimpo mendia,...
Itzultzerakoan ez dugu etorrerako bide berdina hartu nahi. Bi aukera:
Mazedonia - Yugoslavia - Hungaria - Austria.
Bulgaria - Errumania - Hungaria - Austria.
Lehen aukera dexente motxagoa da kilometroz, baina eragozpen bat ere badu: Madrilgo
enbaxadan ez dute Yugoslaviako bisaturik ematen. Bertan Atenasko Yugoslaviako
enbaxadan galdetzeko esan digute.
Bai lehen aukera, bai bigarrena hartuta ere bide politak iruditzen zaizkit, oso jende gutxi
joaten bait da leku haietara.
Denbora gehiago izan bagenu (hilebete t’erdiren bat-edo) bidaia luza genezake, Turkiako
lurralde zoragarria zapalduz. Nik Istanbul hiria ezagutzen dut, zertxobait behintzat,
1993.go martxoan bertan izan bait nintzen unibertsitateko ikaslagunekin karrera
bukaerako bidaia egiten, karrera bukatu aurretik, noski! Istanbul ezagutzen dudan hiririk
politenetakoa da, politena ez bada. Hala ere ez dut Turkia nahikoa ezagutzen eta ziur
nago beste batean bueltatuko naizela lurralde hori ezagutzera.
Bidaiarako beharrezkoak ditugun gauza gehienak jadanik prest ditugu, azken ordurako
gauzaren bat oraindik ere prestatzeke izan arren. Beti gertatzen den bezala zarbait
eramatea ahaztuko zaigu, eta alperrikako gauza asko bidaia osoan zehar garraiatuko
ditugu. Betiko gauzak dira hauek, nire familiarekin behintzat...
Uztailak 4:
Goizean ez gara lauretan atera, 6:30-tan baizik. Nahiko problema ere izan ditugu, etxeko
bi emakumeak ez bait zeuden oso animaturik, ama batez ere.
Italiararte iritsi gara gaurkoan, Ventmiglia herrira hain zuzen ere. Monacotik aurrera,
kostaldean, muga pasa ostean dagoen lehen herria da. Guztira 960 bat km egin ditugu,
gehienak autopistaz.
Autopistaz ibiltzeak abantaila garbi bat badu: kilometroak oso azkar egiten direla, baina
diru pila bat utzi dugu bertako peajeak ordaintzen. Abiadura handian ibili gara ia denbora
osoan (150-160 km/h).
Bazkaltzeko bideko “restop” batean geratu gara. Bertan zegoen menuak 70 FF balio
zituen pertsonako. Aukerak: entsalada mistoa (letxuga eta tomatea soilik) edo entsalada
berdea (letxuga besterik ez eta entsalada deitzea ere!), bigarren platerarako oilaskoa,
haragia saltsan edo hanburgesa, edozein aukera arroz edo patata frijituez lagundurik.
Edateko ura eskatu dugu. Postrerako txokolatezko mousea eta frutazko yogurra hartu
ditugu. Kafea hartu, ordaindu eta propinarik utzi gabe aldegin dugu bertatik, itxaron
behar izan dugun denbora luzea eta oroar jasan dugun zerbitzu kaxkarra zela medio.
Monacon geldialdi bat egin dugu, pare bat orduz guztira. Leku polita eta elegentea da.
Kotxe onak ikusten dira oroar, etxebizitza onak, barku eta yateak, eta luxuzko dendak.
Ez dugu dena ikusi, baina herrialde txikia denez ez dugu gehiegi galdu ere. Gure bisita
honetan mendi gainean dagoen palazioa bisitatu dugu, eta behekaldetik, itsasertzetik
bueltatxo bat eman. Hemen atera ditut bidai honetako lehen 4-5 diapoak.
Monacotik atera eta ez dugu autopista hartu, Italiara pasa eta lehen herrian, Vintemiglian,
gelditu gara bertako kanpingean lotarako. 51.000 lira ordaindu ditugu (9.000 kanpinga,
9.000 pertsona bakoitzeko eta 6.000 kotxea). Erosketa batzuk egitera ere atera gara:
urdaiazpikoa, ogia, fruta, gazta,... Han izan da afaldu duguna, Donostiatik eramandako
atun eta almibar mixurkaz lagundurik.
Beste hirurak kartetan ari diren bitartean, nik gida liburua begiratu eta biharko
proposamenak aztertzen aritu naiz. Ez dugu Pisara joateko asmorik, Florentziara
abiatzeko asmoa dugu, hiria ezagutu, bazkaldu eta Erromarantz abiatu bertan gaua
egiteko.
Ventimiglia herriari dagokionez ez dirudi herri interesgarria. Mendixka batean du bere
alde zaharra kokaturik, nahiko gaizki kontserbaturik dagoela ematen du, itxura pobrea
du, Monacorekin konparatuz behintzat.
Gaur munduko beste 2 herrialdeetan egoteko parada izan dut: Monaco eta Italia, oraindik
beste batzuk falta direlarik. Igarotzen ditugun hiri garrantzitsuetan daramatzagun
kilometroak eta zer ordutan pasatzen ditugun erregistratzen ari gara, nolabaiteko Erruta
Liburua sortuz. Interesgarria izango litzateke ez uztea, gerorako gogorapen polita
geldituz, egunero idazteko asmoa dudan bidai-liburu hau bezalaxe. Espero dut beste
norbaitek ere liburu honetan ere idaztera animatzea.
Uztailak 6:
Atzo ez nuen bidai-liburuxka hontan ezer idatzi, gauza asko egin eta gertatu bait
zitzaizkigun.
Atzo goizean jaiki, denda jaso, gauzak bildu eta Firenze aldera abiatu ginen. San Remo
hirirarte karretera arruntez joan ginen, zirkulazio haundia zegoenez oso-oso mantxo ibili
ginen. Ordu bete igaro genuen kilometro apur batzuk egiteko. Autopistaren bila hasi
ginen , ez genuen hasiera batean aurkitu, zeren eta autopista adierazten duten kartelak
kolore berdez bait daude, eta ez urdinez beste lekuetan bezala. Italian autopistak kolore
berdez markatzen dira eta generalak kolore urdinez.
Autopistan sartuta “restop” batean gelditu ginen zerbait gosaltzearren. Gasolina bota
kotxeari, 10 bat litro besterik ez bait genituen, Italian gasolina Frantzian baino merkeago
egongo zela pentsatuz, baina antzeko xamar dabiltza (160 pta/l, berunik gabeko
gasolina).
Autopistak bi karril ditu, baina ia bidai osoan ez du artzenik, ez ezkerretara, ez
eskuinetara. Oso leku menditsua denez, zubi eta tunel pilo bat daude. Tunel kopurua
haundia denez kotxe guztiak, geu ere bai, argiak pizturik dabiltza denbora guztian.
Firenzera (Florentzia) 13:30-ak aldera iritsi ginen, kotxea aparkatu eta bazkaltzeko prest
abiatu ginen Firenze erdigunerantz. Txinatar jatetxe batean bazkaldu genuen, guztira
63.000 lira ordainduz.
Bazkaldu ostean Firenze hiri historikoa ezagutzeko prest abiatu gara. Duomo izugarria
da, kriston edifizio haundia eta detailez josia. Kaleetan paseiatuz ere kotxe zahar pilo bar
ikusten dira, nahiko ondo zainduak baita ere.
Erroma aldera joateko intentzioa genuenez, 17:30-ak aldera kotxealderantz joaten hasi
gara. Kotxera iristerakoan, hori bai sorpresa! Kotxea irekia aurkitu dugu, lapurretan egin
digute, gidariaren atea fortzatuz. Pasaporte guztiak eraman dituzte, gure txakur Txikiren
paperak, kotxearen “Carta Verde”-a, aitaren American Express eta aurrezki kutxa bateko
txartelak, zapata batzuk, 2 diapositiba karrete, ipar-orratza,...
“Carabinieri”-engana joan gara denuntzia jartzera. Ondo hartatu gaituzte eta American
Express txartelaren parte ematen ere lagundu digute. Pasaporterik ez dugu, baina guztiok
dugu bakoitzaren Nortasun Agiria, honekin nahikoa dugu Greziara joateko, baina ez
bueltako bidaia beste herrialde batzuetatik egiteko. Momentuz, ez-identifikatu bakarra
Txiki da, baina ez dugu uste Greziako mugan problemarik izango ditugunik.
Orain kotxeko bi zerrailak daude apurturik, kopilotoaren ateko zerraila Murtziatik
Donostiako bidai batean izan bait zen fortzatua. Giltzaz ezin dugu kotzeko aterik ireki,
baina giltza batek baditu infragorri izpiez irekitzeko aukera, eta honela kotxea ireki eta
itxi dezakegu, beraren pila bukatzen ez bada behintzat.
Atzokoan, lapurretaren ostean, planak aldatu genituen eta Greziarako bidaia zuzenean
egitea erabaki genuen, Erroman gelditzeko gogo gutxi zirela-eta.
Bariarte iritsi ginen, goizeko 3:00-ak alde horretan. “Restop” batean gelditu eta bertan
lokuluxka egiteko asmotan. Besteak kotxean gelditu ziren lotan, baina nik zelai txiki
batean esterila bota eta kanping-saku batez babesturik kanpoan egin dut lo. Gaugiro ona
zegoen eta ez dut hotzik pasa.
Bari hirian bukatzen da autopista (autostrada), eta hemendik aurrera karreteraz joango
gara Brindisira. 8:00-ak aldera abiatu gara, laranja zuku piska bat edan eta gero.
Brindisirako karretera ez-ordainduzkoa izan arren bi karril ditu denbora guztian, abiadura
ona lortuz.
Brindisira iristean ferryko txartelen bila joan gara ajentzia batetara. Nahiko merkeak dira
bertako ferryak, guztira 280.000 lira kostatu zaigularik.
Nahiko harrigarria iruditu arren, bai Corfu, Igoumenitsa edo Patras (Poleponiso)-ra
joateko prezio berdina da, prezio unifikatuak omen direla-eta.
Guk Igoumenitsakoa hartu dugu (8 ordu), Patras-ekoa oso luzea delarik (14 ordu). Kotxe
asko daudela eta gaueko 10ak arte ez dugu ferryrik. Beraz gauzak lasai hartu eta denbora
ahalik eta hobeen igaro behar dugu. Aurretik gosaldu egin dugu, ferry-konpaniara joan
gara enbarkazio tiketen bila, eta estatuko poliziaren baimenik gabe joaterik ez dugunez
seilo baten bila ere joan behar izan dugu.
Poliziako postuan jende ilara izugarria zegoen, dexente itxaron eta gero “espainiarrak”
ginenez azkar jarri dizkigu seiluak tiket batzuetan.
Atzoko lapur nazkagarriek Olatzek zituen medikazio batzuk ere lapurtu zituztenez,
botikatik ere pasa behar izan dute horien bila, ni bada ezpada ere kotxea bijilatzera joan
naizen bitartean.
Brindisi-ko Carabinieriengana joan gara, ea Firenzen zerbait agertu den jakitearren.
Bertako poliziak Firenzeko telefonora guk dietzeko esan digu hasiera batean, baina
italieraz gaizki moldatzen garela adierazi ostean itxaroteko esan digu. Gure aurretik beste
pertsona bat zegoen, ordu bete zeraman itxaroten, beraz ospa egitea erabaki dugu.
Brindisitik Barirako bidea hartu dugu, eta kilometro gutxi egin ondoren kostaldeko
hondartza batean geratu gara. Bainu bat ere hartu dugu, ura oso goxoa dago eta
“Lorentzok” ondo berotzen du.
Lerro hauek idazten ari naizen momentuan ama kotxean dago etzanda, beste biak
(hirurak Txiki barne) “prejituta” eguzkia hartzen. Bazkaltzera joateko asmoa dugu
laister.
Momentu honetan ferryan sarturik gaude, gaueko 11-ak dira eta oraindik ez gara abiatu
nahiz eta ordu “ofiziala” 10-etan izan.
Nahiko ondo bazkaldu dugu: entsalada mistoa (letxuga eta tomatea) eta ganba eta
kalamare frijituak bigarren platera bezala. Postrerako helatua hartu dugu guztiok, bero
dexentea bait dago. Bazkaria dolarretan ordaindu dugu, ez bait dugu nahiko italiar lira
bazkaria irdaintzeko.
Bazkaostean beste hondartza batetara joan gara eguzki pittin bat hartzera. 6:15-ak arte
egon gara hondartzan eta Brindisi aldera abiatu gara ferryrako asuntua egitekotan.
7:00-ak aldera iritsi gara Brindisi erdigunera, denbora asko distantzia txikia egiteko,
trafiko haundia dago ferryratzeko lekua bilatzen-eta. Portu aldean aparkatu dugu, aita
botikara joan da, ondoren edateko ur botila bat ekarri du, bero egiten du-eta. Etorri eta
gero bidai ajentziara joan gara nora joan behar dugun galdetzera, gauden lekuan gaizki
gaudela eta beste portu batera joan behar dugula jaso dugu erantzuntzat. Kotxea martxan
jartzeaz gaudela aldamenean aparkaturik ditugun holandar matrikuladun turkiarrak ferry
bera daukatenez nora goazen galdetu digute, beraiei dauden lekuan ondo daudela eta
ferry a 9:00-tan etorriko dela esan diotela jaso dugu erantzuntzat. Guk erantzun diegu
esandakoa eta bagoazela adierazi ere bai, beraiek hala ere leku berean gelditu dira.
Izugarria eta ez sinisteko modukoa izan da ferryratu aurreko desordena. Portu horretan
leku gutxi dagoenez jendea kanpoalderantz bidaltzen dute, berriz ere bueltatzeko kotxe
guztiak ilara egiten, bai aurrera eta bai atzera. Aurrera joan, buelta erdia eman eta berriz
ere portu aldera. Portuan leku gutxi, kotxe eta kamioi asko, batzuk atera nahian, besteak
satu nahian. Geldirik, metro t’erdi aurrera, geldirik berriz ere, denbora aurrera jende non-
han galdezka inork erantzunik ez.
Azkenean 11etan lortu genuen kotxea ferryratzea. Kotxea ferryra igo aurretik gidaria
ezik beste jende guztia “out”, zertarako? Kotxea sartu dut, barnean buelta erdia eman eta
atzekaldera aparkatu, edo enprotratu hobe esanda, kotxearen erretrobisoreak ikertu gabe
ez bait zen kotxea sartzen beste kotxe guztien artean, honela beste kotxe guztiak.
Ateratzeko lekua juxtu-juxtu izan dut.
Txakurra kotxe barruan utzi dugu eta gu gorantz abiatu gara. Lekua aurkitu dugu
“Airplane Type Seat” delako horietan, azkeneko lau plazak, gainerantzeko guztiak
turkiarrak okupaturik bait dituzte. “Butaka” haungatik aurrez ordainduak genituen 500
pta. bakoitzeko, baina lekurik ezean “seat”-ik gabe geratuko ginatekeen. Bueltako bidaia
Brindisitik egiten baldin badugu ez dugu ATS-rik ordainduko. 11:30tan jarri da ferrya
martxan, azkenean atera gara!
Ura erosi ondoren afaltzera joan gara. Prezioak nahiko garestiak dira eskeintzen duten
zerbitzurako, baina hori ferry guztietan gertatuko da, nik uste.
Afaldu ostean, Txikiren bila abiatu naiz, gajoa kotxetik ateratzeko. “Garaje”ko atea
itxirik zegoen eta han zegoen enpleatu batek giltza diru aldaketa egiten den postuan
eskatu behar nuela esan dit. Heldutakoan hango enpleatuak jeisterik ez nuela esan dit,
baina nik insistitu ondoren beste pertsona bati deitu ondoren behera jeisten utzi didate.
Kotxea ireki, lotarako sakuak eta Txiki hartu eta ahal bezala igo naiz. Txiki bildur-bildur
eginda zegoen eta honela piska bat lasaitu da.
Aitarekin gaineko kubertan kartetan ibili eta gero Txikirekin gelditu naiz lotarako
egurrezko banku batean, aita aldiz behera jeitsi da. Hauek honela egin dute lo: ama
lurrean etzanda, Olatz eta aita eserlekuetan etzanda (bina bakoitzak). Nik oso ondo egin
dut lo, 6:30tan esnatu arte.
Uztailak 7:
Itsas arte batean gaude, ferryaren alde banatara lurra ikusten delarik, ziur aski Albania eta
Corfu irlaren artean gaudelarik. Ferrya makal doa eta ez da esandako ordurako iritsiko,
ezta hurreratu ere!
Aitarekin daramat ia denbora guztia kubiertan, pasaia polita da eta ez du batere hotzik
egiten, alderantziz bero.
Delfin batzuk ikusi ditugu halako batean, sei zortzi bat, noizean behin itsasoz gora
gorpua erakutsiz.
Ferry dexente ikusten dira irlaz-irla doazelarik, orokorrean gurea baino txikiagoak eta
makalagoak, gurea “azkarra” bihurtuz.
Bukaeran iritsi gara Igoumenitsa herriko portura. Ez dugu gehiegi itsaron behar izan
barkutik jeitsi eta portutik irtetzeko. Txikiren paperik ez digute eskatu.
Ateratakoan Atenaseko bidea hartu dugu, aurretik taberna batean zerbait gosalduz. E-55
autobidea jarraituz, Joniko itsasoan dagoen kanping batean gelditu gara.
Kanpinga montatu eta bazkaltzera joan aurretik bainatzera joan gara. Hondartzan harriak
eta hondarra daude nahasturik, baina itsasoan hondarra besterik ez dago. Itsasoa bare-
bare eta ura garden-gardena. Bainua oso ondo sartzen da, dexente bero bait dago eta
kanpoan beroegi egiten bait du.
Bazkaltzera joan gara ondoren, tomatezko entsalada eta entsalada grekoa, kalamareak
antxoa moduko arrai errebozatuak eta bolognesa erako espagetiak. Kalamareak oso-oso
ondo zeuden, beste guztia txarra egon ez arren. Guztira 4.500 dracma kostatu zaigu,
edaria barne.
Aitak eta biok Tour-a ikusi nahi izan dugu tabernako telebistan, kanpingean dagoen
holandar batek eman bait digu Indurainen postu txarraren berri. Olano, aldiz, sailkapen
orokorrean laugarren doala ere esan digu. Jadanik bukatua zegoela ere informatu gaitu
tabernariak. Hala ere gauean holandarrak, berriro ere, “al tanto” jarri gaitu: Berzinek
irabazi du etapa eta Olanok bigarren egin duela ere ulertu diot, eta Indurainek beste
minutu bat galdu duela ere bai. Ingelesez ez daki gehiegi, baina elkar ulertzen dugu.
Bazkaldu ostean hondartzara joan gara berriro ere. Pirautxoan ibili gara, bainuak hartu,...
Arratsaldeko zortziak aldera (Grezian Donostian baino ordubete gehiago da) Parga
herrira joan gara holandarraren gomendioz. Parga delako herri hau oso turistikoa da, eta
adierazi digunez Benidormen antza ere baduela, eta ez zaio arrazoirik falta. Jatetxe asko,
dendak, souvernirrak, helatuak,... Hala ere oso herri polita da, hondartza parean bi irla,
eta aldemen batean, mendian gora gaztelua.
Ez gara gaztelura joan berandu zenez, turista moduan “shopping” egiten aritu gara.
Prezioak gauden kanpingean baino garestiagoak dira.
Berandu bueltatu gara kanpingera, hamaikak aldera edo, afaldu eta ohera sartu gara.
Uztailak 8
Gauden kanpingean geratuko gara gaurkoan lasai-lasai. Jaiki ondoren aita eta biok
aldamenean dugun mendixka batetara abiatu gara bertan dagoen gaztelua ikustekotan.
Saiatu, saiatu gara, baina ez dugu lortu igotzerik, alde batetik biderik ez zegoelako eta
bestetik harkaitz, zuhaitz eta sastraka piloa zegoelako. Buelta egin dugu eta gosaldu
ondoren hondartzara joan gara bertan egotera, pirautxoan aritu, bainatu,...
Hemen Grezian , ez dute guk erabiltzen dugun alfabetu bera, alfabetu grekoa dute. Hala
ere, bai bideko seinale guztiak bi alfabetuetan idatzirik datoz, eta produktuen etiketetan
greziarrez gain, ingelesez idatzirik datoz produktu guztiak. Beraz ez dago problema
haundirik alde horretatik. Hala ere alfabetu grekoak (hizkuntza beste zerbait da) ez dirudi
zailegia ulertzeko, letra batzuk bakarrik aldatzen bait dira, ez denak.
Bazkaldu ere bazkaldu dugu, oraingoan bolognesa spagetiak, bi patata-piperrak saltsan,
bi albondiga modukoak saltsan eta kalamareak. Hiru helatu ere hartu ditugu.
Bazkalostean kartetan aritu gara kanpoan bero gehiegi egiten bait du.
Gaur astelehena da eta oso jende gutxi dago atzokoarekin konparatuz, jende asko
kanpingera etortzen bait da astebururako, noski greziarrak.
Partxisean ari garela, itzalpean noski, bero daukagu, kotxean begiratu eta 35ºC daude
itzalpean, 53ºC kotxe barnean (kotxe ia osoa itzalpean dago!)
Aita berriro ere joan da gaztelu aldera, ez du igotzerik lortu, baina bueltakoan tortoka bat
ekarri du menditik. Haundia da eta pisutsua (20-30 cm). Ikusi ondoren zegoen lekuan
uztera joan gara. Mendian zegoen, eta ez itsaso edo ibairen baten ondoan.
Afaldu guk ditugun gauzekin egin dugu.
Uztailak 9
Jaiki gara. Abiatzeko asmoa daukagu. Dena jaso eta ordaindu (10.000 dracma bi egunen
truke). Holandarra agurtu eta Atenas bidean gaude jadanik.
Kostaldea nahiko polita da, batez ere itsasoa, garden-gardena da.
Delphi herrian gelditu gara bazkaltzera. Nahiko garestia izan da bazkaria jan dugunarekin
konparatuz. Bazkal ostean herria zerbait ikusi eta Atenas bidea hartu dugu. Bat edo bi
kilometro ondoren Delphi-ko erruinak daude eta gelditu egin gara ikustearren. Ama eta
Olatzek, gogo haundirik ez dute, beroa dela-eta. Piska bat ikusi kanpoaldetik, eta
ordaindu beharrekoa zenez alde egitea erabaki dugu.
Atenas aldera goaz, bero egiten du, 35ºC-tik ez da jeisten termometroa, 39 graduetara
iritsi delarik.
Iteatik pasa ginenetik paisaia menditsua da, lehorra. Karreterak ez dira batere onak. Bi
zentzu dituzte karreterek, batzuetan alde banatara artzen haundiak dira, eta kotxe eta
kamioiak aurreratzea goazenean artzenera joaten dira, praktikan 3 karrik sortuz.
Atenas aldean gaude, 2-3 karrik zentzu bakoitzeko. Atenas eta Pireas gurutzatu eta gero
heldu gara Voula herrira. Kosta zaigu, zirkulazio haundia eta seinale falta izugarria dela-
eta. Gainera hemen gutxiago daude bi alfabetuz idatzitako karretera seinaleak.
Kanpinga Atenas erdigunetik 12-15 km-tara dago, autobusez joanez gero orduerdi
pasatxoko bidaia da.
Gaur ez gara Atenasera joango, nahiko berandu da (7ak inguru) eta gainera nekatu
samarrak gaude eta oraindik ere bero asko egiten du.
Aita izan da kanpingeko hondatzan bainatu den bakarra. Nik dutxa bat hartu dut. Dutxan
pegatina bat zegoen hiru hizkuntzatan idatzia: greziarrez, ingelesez eta alemanez. Honela
zioen: “The real capital of Greece is Konstantinoupolis”.
Gaur gauean garbantzu eta lenteja batzuk jan ditugu afaltzeko, gurekin generamatzan
janariak aprobetxatu asmoz. Afal ostean buelta txiki bat eman dugu inguruetatik.
Kanping aldamenean diskoteka bat dago eta jendea kotxez etortzen ari da bertara.
Nahiko elegantea ere badirudi, baita gauden auzo edo herriak ere.
Uztailak 10
Nahiko lo egin dugu, ni behintzat hamarrak aldera esnatu naiz.
Kanpinga aeroportutik oso gertu dago eta abioi pilo bat ikusten dira, oso altuera txikian
lur-hartzera doazelarik. Zarata piska bat ere ateratzen dute.
Emakumeak ez dute Atenasera joateko asmorik, beraz aita eta biok abiatu gara.
Kanpingeko errezepzioan “A2” delako autobusa hartu behar dugula esan diote aitari, eta
gainera bertan dugu autobus geltokia. Autobusa gelditu eta erdiko atetik sartu gara. Hiru
ate ditu: bat aurrean, bestea erdian, eta azkenekoa atzekaldean. Igo eta autobusak bere
bidea jarraitu du. Guk ticketik ez dugu eta bertan ez dago kobratzailerik. Hala ere bertan
jarraitzea erabaki dugu. Sartu diren guztiak ez dute ticketik pikatu.
Zentro inguruan jeitsi gara eta egin dugun gauzetako bat 400 dolar aldatzea izan da
(bidaiari txekeak).
Kalez kale aritu ondoren, Ominia plazara iritsi gara. Bertan informazio turistikoko
bulegoarengatik galdetu ondoren beste leku batetara joan gara. Oso leku kaxkarra da eta
pertsona bakara dago. Emakumea txiringito txiki batean dago sartua eta guk kaletik egin
behar dugu galdera. Ez digu informazio gehiegirik eman.
Acropolis-era joan gara ondoren. Oso garestia da bertan sartzea, 2.000 dracma pertsona
bakoitzeko. Hala ere behin Atenasen egon ezkero pena merezi duela uste dut.
Lauak aldera iritsi gara kanpingera, honetarako A2 autobusa hartu dugularik. Jendea
gainezka ia bide guztian, eta egiten duen beroa kontutan harturik, gehiegi.
Autobus tiketak geltokien ondoan dauden kioskoetan erosten dira eta merkeak dira: 75
dracma bidai bakoitzaren truk.
Atenasen bidai agentzia ugariak dira, batez ere Greziako irletara joateko ferryen tiketak
saltzen dituzte. Nahiko merkeak dira salneurriak.
Patrasetik Brindisira doan ferryaren prezioa: 6.000 dracma/pertsona. Oso merkea da, 14
orduko bidaia dela kontutan hartuta.
Abioien prezioak ere merkeak dirudite: 48.000 dracma Bartzelonara. Beste lekuetara
doazen abioien prezioa galdetzeko asmoa daukat, India aldera batez ere.
Arratsaldeko zazpiak aldera kotxez joan gara Atenasera, txakurra, “Piccolo”-a, ezin bait
dugu autobusez eraman. Ez zaigu zentrora iristea gehiegi kostatu, nahiko sarrera ona bait
dago trafiko haundia izan arren.
Parke baten ondoan aparkatu eta han utzi dugu kotxea. Ominia plazarantz abiatu gara
zentroko kaleetan paseiatuz. Parke batean ere sartu gara, oso polita eta basati samarra ere
badirudi.
Mc Donald’s batean egin dugu afaria, 1.050 dracmen truke oilasko hanburgesa, patata
frigituak eta edaria hartuz. Helatu bat ere hartu dugu (100 dracma bakoitzarena).
Acropolis aldera jo dugu ostean, alde zaharreko kale animatuak bisitatuz. Jatetxe eta
souvenirrak, erropa, bitxiak, artisautza,... dendez gainezka dago, turista piloa ere bai
bertan afaltzen, erosketak egiten edo besterik gabe, gu bezala paseiatzen.
Acropolisa itxia zegoen, eta ez zegoen leku batetik aurrera joaterik. Behetik piska bat
ikusita konformatu behar izan dugu.
Hamaikak aldera iritsi gara kanpingera lotarako.
Uztailak 11
Ni behintzat oso berandu jaiki naiz, gosaldu eta kanpingeko hondartzan daramagu
denbora, itzalpean eta bainuak hartuz, lasai-lasai.
Gaur ez dugu ezer bereizirik egin: esnatu, hondartza, bazkaldu, hondartza, Atenas
bueltatxo bat, eta ohera.
Atenasen ez dakit beste leku interesgarriren bat egongo den ala ez, baina guk behintzat
alde zaharra eta inguruak izan dira ikusi ditugun leku ikusgarri bakarrak, Acropolisekin
batera. Gaurkoan Ominia plazatik “Irailak 3”-ko kalea hartu dugu, eta kaleak eta kaleak
bakarrik aurkitu ditugu, ikusteko ezer interesgarririk gabe.
Uztailak 12
Jaiki, gosaldu eta hamaikak aldera, dena jaso ondoren Voula kanpingetik atera gara.
Ordaindu eta gero, kanpingeko errezepzionistak “Viva España” bat esanez agurtu nahi
izan gaitu aitari karneta itzultzen zion bitartean. Euskaldunak ginela esaterakoan,
“Pasionaria” eta “Franco” ere esan ditu, bigarren hitz hau eskuko behatz bat beherantz
apuntatzen zuen bitartean.
Korinthos-ko kanalerantz goaz, bertatik Poleponissos penintsula ikustearren. Patratik
hartuko dugu bueltako bidaia Brindisirantz, ez hasiera batean pentsatua geneukana,
Korinthos kanala ikusten gelditu gara. Izugarria da kanala, luzea eta oso istua. Bertatik
pasatzeko barku handiek erremolkadore baten beharra izaten dute. Horietako bat ikusten
gelditu gara, makal-makal zetozelarik. Jende piloa bildu gara zubian zain, itsasontzi
erremolkatua nola zetorren ikusten.
"Isturia Beach" delako kanpingean gelditu gara baina bertan txakurrik onartzen ez
dutenez beste batera joan behar izan dugu.
Azkenean "Sousaki" kanpingean gaude. Self-service-ean bazkaldu eta arratsalde osoa
kartetan eta bainatzen eman dugu.
Bertako mini-marketean zerbait erosi eta gero afaldu egin dugu. Atenastik Korintora
autopista dago, 2-3 karril bide guztian zehar. Hala ere ordaindu beharrekoa, baina
merkea izan da, 400 dracma besterik ez, Donostiatik Bilborako autopistaren prezioarekin
ezer ikustekorik ez.
Gauean, aldamenean dugun karabanako gizonak lau aulki eta mahai txiki bat utzi dizkigu
lurrean geundela ikustean. Lotsa piska bat pasa dugu "eskerrik asko" grekoz nola esaten
den jakin gabe.
Gauean kanpingeko tabernara joan gara "helatutxo" bat hartzera, eta partxisean ere aritu
gara. Gazte jende piloa zegoen hango disko musika entzuten, eta zerbezatxo batzuk
hartzen.
Uztailak 13
Gaur gauean dendako moskitera irikia utzi dugu eta moskito festa izan dugu gau osoan.
Pikotazo piloa jasan ditugu guztiok. Argitu bezain pronto denak eskuz akabatu ditugu
guztion artean.
Korinthos hirira joan gara ama, aita eta hirurok. Olatz, txakurrarekin, kanpingeko
igerilekuan gelditu da bitartean. Korinthos hiriak ez du ezer bereizirik, hala ere merkatua
zegoen eta berdura, fruta piloa eta arraia, sardina moduko arrai txiki batzuk, erosi ditugu.
Gaur goizean, dutxatzera joan naizenean, bi mutil gazte ikusi ditut, bizikleta banarekin.
Bizikletaz bidaiatzen ari dira. Nahiko polita izan behar du, baina hala ere gogorra ere bai,
udaran egiten duen beroa kontutan izanik.
Gaur arratsaldean "Area Korinthos"-era joan nahi nuke, bertako erruinak eta edifizioak
ikustearren.
Oraindik ez dut postalik bidali, horretan hasi beharko dut.
Gaur, atzo bezala, Korinthoseko kanala pasatzeko dauden bi bideak erabili ditugu: zubi
handia, non behean kanalak altuera handia duen, eta baita beste zubi bat. Azkeneko hau,
autopista egin arretikakoa dela uste dut, ez da zubi fijoa, ondoratu egiten da, barku edo
txalupei lekua uzteko, kotxeak zentzu bietan gelditu araziz. Oso polita da ikusteko.
Hemen oso altuera gutxi du zubiak, metro edo metro t'erdi.
Arratsaldean kotxea harturik "Korinthos Zaharra" bisitatzera joan gara. "Ancient Theatre"
bezala zegoen adierazia bidean zehar, iristerakoan aztarna batzuk aurkitu ditigu soilik, ez
gara sartu dagoeneko itxi bait zegoen, baina kanpokaldetik ikustea ere bazegoen.
Akrokorinthos aldera joan gara ostean mendian gora, muturreraino. Herri fortifikatua zen
hau oso polita. Ez gara gehiegi ibili uluntzen hasia bait dago. Hala ere, mendi puntaraino
igo gara aita eta biok, bista onak ikusi ditugu, Korinthoseko kanal artifiziala nondik nora
doan ikusten da, baita alde banatara diten bi itsasoak.
Uztailak 14
Jaiki, gosaldu eta bagoaz "Soussaki" kanpingetik.
Epidavros-ko teatro zaharra ("Ancient Theatre" bideko seinaleetan) bisitatzera goaz,
beraz ez gara Poliponissos-en hegoaldera zuzenean jeitsiko. Iritsitakoan jende asko ikusi
dugu, kotxe eta autobus asko.
Sarrerako 1.500 dracma ordaindu behar dira, baina aita eta biok kobratzaileak kasurik
egiten ez digula ikusirik barnera ordaindu gabe sartu gara. Olatz eta ama kotxean gelditu
direlarik, ikusteko gogorik ez daukatenez.
Antzinako teatroa da, zati batzuk errekonstruituak dituelarik. Altuera handia hartzen du
goikaldean (30-40 ilara bait ditu). Orain ikuskizunak eskeintzeko ere erabiltzen dute,
horretarako tablatu bat dutelarik parean, eserleku guztiak ere zenbakituak dituztelarik
edozein zine edo antzerkitan bezala.
Naflio pasa dugunean, mendi muturrean gaztelu bat ikusi dugu. Niri joateko gogoa sartu
zait, baina kanping-a bilatu behar dugu.
Kanping bila, Nafliotik 10-12 km-tara dagoen Tolo herrixkara joan gara. Bi kanpingetan
galdetu dugu prezioa, batean 7.250-tan hasi eta bukaerako prezioa 6.500 dracmatan utzi
digularik, eta bestean 6.900-tan hasi eta 6.000 dracmatan utzi digutelarik. Prezioak
erregateatu egin behar dira, deskontu batzuk lortuz. Batzuetan beraiek dira deskontatzen
dizutenak, besteetan aldiz gu gara iniziatiba hartu behar digunak. Hala ere nahiko da "eta
zenbatean uzten didazu" edo "zein da bukaera prezioa" edo horrelakoren bat
galdetzearekin, berehala deskontu bat egiteko, ez ezagutzen ditudan herri musulmanetan
bezala.
Gu, "Lido II" kanpingean gelditu gara, hau da bietako merkeenean. Hondartzatik 200 bat
metrotara besterik ez dago. Sukaldea du, gasa ere barne, jateko mahaiak, taberna eta
dutxa, eta bainu nahiko txukunak.
Txarrena lurra gogorra duela, eta harriz beteta dagoenez, ez ditugu dendarentzat iltze
gehiegi sartu, 3 edo 4 bakarrik, eta hauek pittin bat bakarrik.
Kanpingera joan aurretik hondatza parean dagoen jatetxe batean bazkaldu dugu. Lau
menu eskatu ditugu, eta gehiegi bazkaldu dugu. Bi menu zeuden, A eta B, batak 1.600
dracma eta besteak 2.200 dracma balio zituztelarik. Guk menu bina eskatu ditugu. 3
platereko menuak dira, gehi postrearekin laugarrean. Gainera ez digute batere prezio
txarra egin, guztira 8.400 dracma izan direlarik, 9.000 arteko propina utxi dugu.
Arratsaldean hondartzan igaro dugu. Hondartza polita du Tolok, bahia modukoa. Bertan
irla txiki bat dago, eta pitin bat urrunago irla handi bat (hasiera batean ez genuen irla
zenik pentsatu).
Arratsaldean Nafliora joan gara. Portua bisitatu dugu, bertan dauden belauntziak ikusiz.
Herri desberdinetakoak dira belauntzi hauek: Frantzia, Italia, Belgika,...
Naflio mendi baten magalean dago, itsas bazterrean. Mendi honek itsasora ematen du, eta
behekaldean asfaltatutako paseo bat du. Hortik ibili gara.
Gauerako konpra batzuk egin ditugu eta kanpingean afaldu dugu. Ohi bezala afal osteko
karta jokua helatuaz lagundu dugu. Helatuak, batzuk behintzat, oso handiak dira Grezian.
Horiek dira nik gehien hartzen ditudanak, egiten duen beroa hobe aguantatzeko.
Uztailak 15
Ama eta Olatz ohean gelditu direnez, aita eta biok joan gara Naflioko Paladimi gaztelura.
Gaztelua inguruko mendi altuenean dago, itsasoa behekaldean duelarik.
Bertara joateko antzinako eskailerak ditu. Guztira 1.000 eskailera baino gehiago igo
behar izan ditugu.
Fortifikazio batek isten ditu bastioiz osatutako gaztelua. Oso ondo kontserbatuta dago
gaztelua.
Sarreta ordaindu dugu, bakoitzeko 800 dracma.
Kalabozoak ikusi ditugu, bertan sartzeko makurtuta sartu behar izan dugu zulo batean.
Kalabozoak ez du kanpokalderako irteerarik. Bertan egon ziren presoak izugarrizko
kondizio txarretan egongo zirela pentsatuz.
Ikusgarriak dira goitik ikusten diren bistak.
Badago beste alde batetik gaztelura karreteraz igotzea, baina ez genekien. Eta jakinda
ere, oinez igoko ginateke berriro ere.
Dexente denbora eman dugu gaztelua bisitatzen, pare bat ordu edo. Bero handia dago eta
bertan iturri bat egon arren, ez dugu ezertxo ere edan bertako ura bero-beroa ateratzen
delako. Jeitsi eta banku batera joan gara diru aldaketa egitera. Aurretik "Sprite" botila
hustu dugularik bion arten. Bankuan 321 dolar esku-dirutan, 200 dolar travel txekeetan
eta 100 belgikako franko aldatu ditugu. Belgikako franko hauek nik orain dela 6 urte
egindako bidai batetik sobratutakoak dira.
Bazkaldu ostean karta jokuan aritu gara kanpingeko tabernan, beste edozein gauza
egiteko bero gehiegi egiten duelarik. Seirak aldera hondartzara, bertan bainuak hartu
ditugu bata bestearen atzetik. Ura oso ona dago, ez du batere inpresiorik egiten
sartzerakoan. Hala ere nahiz eta goizaldean ura bare-bare egon, arratsalde partean pikatu
egiten da piska bat itsasoa.
Gauean Tolo herrixka turistikoa bisitatu dugu. Taberna, jatetxe, hotel, kanping asko ditu,
dena turismorako prestatua.
Uztailak 16
Goizean piraultxoa pustu dugu, eta aita eta biok irla txikira joan gara Txikirekin.
Eskailera batzuk ditu gainekaldean igotzeko eta gainekaldean edifizio txiki bat. Itxia
dago, baina ermita txiki bat dela pentsatu dugu, igoerako eskaileretatik igotzean
inguruetako harrietan pintaturik gurutze piloa ikusteagatik.
Ondoren irla haundira jo dugu, bertan atrakatu eta oinez piska bat ibili gara, beste aldera
iritsi ere bai. Hondartza polita du, eta barean beste irla txiki bat. Ura garden-gardena.
Bainu ederra hartu eta bueltan abiatu gara.
Arratsaldean, ohizko karta kokoaren ostean, hondartzan aritu gara lasai-lasai.
Uztailak 17
Gaur bagoaz Tolotik, Olympiara goaz.
Tripolirarteko bidea nahiko ona da. Baina hemendik aurrera menditartean sartzen gara.
Nahiz eta karretera nazionala izan, bidea oso istua da eta nahiko problema daude kamioi
edo autobusekin gurutzatzean. Errebuelta piloa, aldapak, abiadura makala. Baina bistak
zoragarriak ere badaude bide honetan.
Jateko Olympiarako 10 km falta direla gelditu gara. Ez dugu gehiegi eskatu (2 entsalada
greziar eta 3 bigarren platera). Asko kobretu digute jan dugunarentzat, 9.100 dracma. Ez
dugu propinarik utzi.
Olympian jende asko dago, gehienak autobusez iritsi direlarik. Bertan bi gauza daude
ikusteko: Museo Arkeologikoa, eta Olympia herriko aztarnak. Bakoitzaren sarrera 1.600
dracmatakoa delarik.
Ikusgarriak dira, batez ere, aztarnak.
Coubertin Baroiaren estatua ikusi dugu.
Kotxea gaizki aparkatuta uzteagatik, kotxearen kristalean greziarrez idatzitako multa bat
jaso dugu.
Zazpiak aldera nora joan behar dugun erabaki dugu. Loutra Killini-ra joan behar dugu.
Iristeko problema dexente izan ditugu seinalizazio txarraren ondoren. Kanpingean
geldituko gara, 6.500 dracma eguneko, hasiera batean 7.250 eskatu dizkigun arren.
Oso kanping ona da, nire ustez orain arte ezagutu dugun onena. Akanpatzeko leku
bakoitza arbustuz inguratutako itxidura batez dago, bertara sartzeko lekua errespetatuz
solik. Bainuak eta dutxak onak dira, kotxea sartzeko lekua ona, parkea, tenis, voleibol
eta saskibaloi pistak. Eta gainera hondartza izugarria bertan.
Bertako jatetxean afaldu dugu. Ondo afaldu eta ez digute garesti kobratu.
Uztailak 18
Jaiki ostean, aita eta biok tenis partidu bat jolastera joan gara, tenis pistetako batetara.
Tenis pilota bai, baina erraketarik ez, eta horien ordez hondartzatako palekin jolastu
dugularik. Set bat, aitak, 6-2 irabazi dit.
Hondartzara jeitsi gara. Olatz eta ama paseiatzera joanak dira.
Gaur korrikan aritu naiz itsas-ertzean, ez dut denbora gehiegiz korritu, baina tira.
Erosketak egin ondoren bazkaldu egin dugu.
Arratsaldean ama eta Olatz kanping dendaren barruan gelditu dira deskantsatzen, gu aldiz
taberna jeitsi gara helatu bat hartu eta kartetan jolastu dugu mano-mano.
Afaldu nahiko goiz egin dugu, eta ondoren Killini ikustera joan gara. Herriak ez du
kaleetan zehar ezer bereizirik, portuan ere izan gara. Bertatik Zakinthos eta Zefalonia
irletara joaten dira ferryak.
Herriko kafetegi batean gelditu gara billarrean jolastera. Ez dute partiduko kobratzen,
denboraz baizik, 1 ordu 1.000 dracmatako proportzioan. Ordu erdi bat jolastu dugu, 2
partida, aitak biak irabazi dituelarik, bat Olatzen kontra eta bestea nire kontra.
Uztailak 19
Goiz partean betiko martxan ibili gara.
Arratsaldean aita eta biok Patrasera joan gara Italiako ferryaren ticketa hartzera. 80 km
daude Patrara, eta karretera nazionalean azkar egiten dira, "estilo grekoa"-a dela-eta,
artzena karril moduan hartuz.
Patrara iritsi baina piska bat aurretik gasolina nahiko merkea aurkitu dugu: 190 dr/l,
gasolina berunik gabekoa. Patrako portura errez sartu gara, inolako problemarik gabe.
Agentzia piloa daude bertan, baita ferry konpani zentralak ere. Batzuetan galdetu eta
gero merkeena hartu dugu: 40.000 dracma ordainduz guztira. Olatz eta amarentzat
kabinak hartu ditugu, eta gu biontzako aldiz kubierta. Kabina 10.000 dracma, kubierta
6.800 eta kotxearengatik 6.800.
Kanpingera itzuli aurretik Killinira ere joan gara, Zefaloniako tiketak hartzera: 1750
dr/pertsona eta 8500 dr/kotxea. Merkeagoa zen kotxea Italiaraino eramatea, aldameneko
irla batera baino. Kotxea eramatea garesti ateratzen zitzaigulako 4 pertsonentzako tiketak
atera ditugu (7.000 dr). Prezioa joaneko bakarrik da, beste hainbeste ordaindu behar
delarik bueltakoa egiteko.
Uztalak 20
Seirak eta laurdenetan jaiki gara, Killinira zazpiak aldean egoteko. Hala ere Zazpirak eta
laurdenetan iritsi gara, kotxea aparkatu eta ferryra igo ere bai. Askoz ere beranduago
joan izan bagina ere ez genuke inongo problemarik izango, baina lehen aldia zenez hobe
zen garaiz ibiltzea.
Ordu t'erdiko trabesia izan da. Poros-ko porturaino.
Irtsi orduko gauza bateaz ohartzen zara: Zefalonia irla menditsua dela.
Portutik Poros herrira doan karretera oinez egin dugu.
Mapa bat erosi behar izan dugu, geneukana oso txikia bait zen. Ondorengoa egin dugu:
Tzanata aldera abiatu (Argostroli direkzioan), eta iritsi baino piska bat lehenago bidexka
bat dago "Atros Monastery 4,5" jartzen duena. Bide hau asfaltatu gabekoa da, aldapan
gora doa denbora guztian eta Atrosko monastegian du bukaera.
Bero dago eta kosta egiten da bidean gora jarraitzea. Nekearen truke goruntz joan ahala
gero eta bista hobeak daude, opari gisa. Azkenean iritsi gara Atros monastegira, urik
gabe eta egarri mordoarekin. Ama izan da iritsi den lehena eta ura eskatu duena.
Monastegian bertan ez zegoen monjerik, horietako bi gu gorantz ginazela autoz
beherantz, Poros herrirantz, ikusi ditugularik. Monastegian "aprendiz" bat dago, eta
atsegina izan arren, ezin dugu hizkuntzaren "barrera" hautsi, berak ingelesez oso gutxi
dakielako eta guk greziarrez batere ez.
Gonbidatu egin gaitu, etxe baten barnera eraman gaitu eta ondorengoa eman: goxoki bat
(ona zegoen), anis moduko edari alkoholduna (ez dut edan), berak "strong" bezala
deskribatu duen kafe bat (niri ez zait batere gustatu), eta ur asko eta asko.
Monastegia 750 metrotako altueran dago kokatuta. Bertatik izugarrizko bistak daude.
Monastegia 1000 metrotako altuera duen mendi baten lepoan dago.
Monastegi hau Atros irlako monastegirik zaharrena da, 400 bat urte dituelarik.
Monastegian bertan 3 monje eta 5 "mutiko" omen daude, baina ez denbora guztian. Hala
ere monje bat gutxienez ba omen dago beti.
Liburu bat ere, badute, bertara iritsitako bisitariek oharrak uzteko. Gu izan gara euskaraz
idatzi dugun lehenak. 1993 urtetik aurrerako notak daude. Espanieraz bat ikusi dugu,
"Maria de Granada" delako batena. Gehienak, erdia edo, ingelesez idazten duten
jendearenak dira. Bestalde frantsesak, italiarrak, alemanak, eta oroar Europako herrialde
guztietako jendearenak, leku exotiko batzuetakoak ere bai: Singapur, adibide gisa.
Beste biderik ezean, beherantzkako bidea leku berdinetik hartu dugu. 5 minutu ostean
bazkaltzera gelditu gara. Porosen erositako bokadilloak eta "monjeak" emandako uraz
bazkaldu dugu, azkeneko ur botila hau monastegian duten ur putzutik atera berria
dutelarik.
Bazkal ostean beherantz jarraitu dugu, eta igoeran bezain bide luzea ez egitearren
bidetxur bat hartu dugu, ustez herrira lehenago eramango gintuena. Lehenago eraman
gaitu baina aldapa haunditan eta sastrakaz betetako bidexketan ibili gara denbora guztian.
Herrira iristean denda batean ura erosi dugu, egarriak hilik bait gaude.
Aita eta Olatz bertan gelditu dira hondartzan eta ama eta biok hondartza bukatzen den
lekurarte joan gara.
Leku lasaia da Porosko alde hau, eta orokorrean Zefalonia osoak izan behar duen
bezalaxe.
Postale batzuk ere erosi ditugu Euskal Herrira lagun, eta familiartekoei bidali asmoz.
Zazpiak inguru horretan buelatatzeko garaia iristean, oinez abiatu gara Porosko
porturantz.
Ferrya hartu aurretik portuak dauden itsasontziak ikusten jardun dugu. Alde batetik
bertako arrantzuntziak bereizpen bat dute proa gaineaan eta kolore askoz daude
margoturik. Bestalde kanpotar belauntziak ere ikusten jardun dugu, ez dira haundiak,
baina enbidia ematen du ikusteak, leku zoragarri hauetatik, honela ibili direla ikusteak.
Belauntzi hauetako batek atentzioa deitu dit, belauntzi nahiko txikia da, bandera
alemaniarrez, baina bertan dagoen gizona izan da xelebreena, oso itxura eszentrikoa du,
bakarrik bidaiatzen ari da, ilea eta bizar luzeak eta horiak ditu eta zerura begira beste ezer
egin gabe zoriontsu dirudi.
Ferryan ez gara jende gehiegi sartu, gutxi esango nuke nik. Bidaia lasai egin dugu
kartetan jolasten. Gainera esandako ordua baino 10 minutu lehenago iritsi gara,
harrigarria!
Killiniko portuan jeitsi gara, eta kotxerantz abiatu. Goizean kotxea utzi dugun lekuan
merkatua ari dira ospatzen, eta hasieran kotxea poliziak eramango zuela pentsatu dugu.
Baina ez, postuak era anarkiko xamarrean daude ezarririk eta gure kotxeak okupatzen
duen lekua errespetatu egin dute.
Kotxea hartu, eta Loutra Killiniko kanpingerantz joan gara bertako self-servicean
afaltzearren. Piska bat lehenago dagoen Kastro herrixkak festak direla-eta, desbio txiki
bat egin behar izan dugu. Neskatuak gaude eta ez gara festak nolakoak diren ikustera
joango. Hala ere itxura guztien arabera, festak ez dira herrian bertan ospatzen ari, ez bait
da animazio berezirik ikusten, baizik eta Kastroko gazteluan (ikuskizunen bat-edo).
Kanpingera iritsi eta gero lotara joan gara.
Uztailak 21
Greziako azken eguna dugu.
Kanpinga azken aldiz desmontatzean pena apurtxo bat sentitu dut, hemen denbora
gehiagoz gelditzeko asmoa bait dut.
Ordaintzerakoan bidaiari-txeke batzuk aldatu ditugu kanpingean.
Aldameneko hondartzara joan gara Greziako azkeneko bainuak hartzera eta bertan egon
gara ordu pare batez-edo.
Ondoren Patra-ra joan gara, gasolina bota eta bazkaltzeko asmoz.
Aurreko egunean ikusitako gasolindegiak itxiak daude, ziur aski gaur igandea delako eta
ezin izan dugu gasolina 190 dr/l-tan lortu.
Hala ere gosea dugunez zentroan aparkatu eta bazkaltzera joan gara.
Kasualitatea izango da, baina ikusi ditugun lehen bi jatetxeak itxiak daude, hala ere
martxan badaude.
Plaza nagusiaren aldamenean dagoen jatetxe bat aurkitu dugu eta bertan gelditu gara.
Gehiegi jan dugu, baina dena oso gosoa zegoen, kalamareak batez ere. 1000 bat pezta
ordaindu dugu pertsonako, gainera.
Hurrengo batean Patra-ra bueltatu ezkero zuzenean jatetxe hontara joango garela gauza
ziurra da.
Bazkal ostean kotxea hartu eta Athinako bidea hartu dugu gasolindegi bat aurkitzeko
asmoz. Aurkitu, aurkitu dugu, baina ez 190ean, 205ean baizik. Hala ere pena merezi du
Italiako gasolinaren prezio garestia kontutan izanik. Goraino bete dugu.
Ondoren Patrako 6. portura joan gara ferrya hartzeko asmoz. arratsaldeko lauak aldera,
bi ordu lehenago gutxi gora behera. Jende asko dago baina hau ez da Brindisiko
desorganizazioa, ezta gutxiago ere.
Kotxea aparkatu eta "Hellenic Mediterranean Lines" konpaniako ofizinatxoko ilara
luzean jarri gara, "portuko taxak" ordaindu asmoz (1.500 pertsona bakoitzeko eta 1.500
kotxearengatik).
Hemen jende gehiena motxileroak dira, Grezian denboraldi bat eman ondoren etxera
bueltatzekotan daudenak edo Italiako lurretan beren bidaia jarraitzeko asmoa dutenak.
Leku askotako jendea dabil hemen: europear asko (greziarrak, alemaniarrak, britaniarrak,
italiarrak, frantzesak, holandarrak, austriarrak, espaniarren bat edo beste,...), estatu
batuarrak, australiarrak, zeelanda berritarrak, mexikarrak, japoniarrak, korearrak,...
7.000 dracma ordaindu ostean poliziari karnetak erakutsi eta agiri bat seilatu ondoren
kontxean bildu gara.
Ferrya 5,30ak aldera iritsi da portura, bertako bidaiariak jeitsi ondoren, igotzear gauden
guztiok igotzen joan gara poliki-poliki.
Oso jende gutxi gaude ferryan, batez ere oso kotxe gutxi daude.
Ferryko enkargatuei gure txartelak erakustean, nahastu eta bi kamarote eman dizkigute,
laurok 2 oheko kamarotetan sartu gaituzte, 2 pertsona 4 pertsonako kamarote batean
ordez. Lagundu gaituen pertsonari adierazten saiatu gara beraien errorea, baita ere
txartelak erakutsi, baina ez digu ulertzen eta azkenean "izorratu" egin behar izan dugu.
Oso kamarote onak dira, ni aurrez uste nuena baino hobeagoak. Egia esan oso
funtzionalak dira, 2 ohe txiki ditu bata bestearen gainean litera moduan eta lababo bat,
2x2 metroko dimentsiotan gutxi gora behera. Niri ohea erosoa iruditu zair, ez antza Olatz
eta amari.
Kamarote barnean poltsak utzi eta ferryaren irteera ikusteko asmoz, kamarotea itxi, giltza
hartu eta kubiertara joan gara. Jende gehiena, motxilero jendea, kubiertako dute,
merkeena noski, eta lurrean jarriak dituzte beraien esterila eta lo zakuak. lotarako lekua
gorde asmoz.
Ordu erdi berandu besterik ez gara atera. Eguraldi ona egiten du eta kubiertan oso ondo
egoten da.
Ferryak bandera panamarra du, munduko beste itsasontzi asko bezala. Portutik atera
bezain laster bertako langile bat etorri da bandera jeitsi eta izkutatzera. Brindisira iritsi
baina zerbait lehenagorarte ez dute berriz ere bandera igoko. Ez dakit zein den honen
zergaitia, agian lotsa piska bat emango die greziarra ez den beste bandera bat erakustea.
Kubiertan denbora piska bat eman ondoren kartetan aritu gara tabernan. Edari batzuk ere
eskatu ditugu eta oso garestiak dira, nolabait ferryaren prezio merkeak
konpentsatzearren-edo. Telebista ikusten ere aritu gara, naiz eta kasu gehiaegirik egin ez,
Atlantako olinpiadak hasi direla konturatu gara.
Afaldu bertako self-servicean egin dugu. Inork ez du gehiegi jan, Patran bazkaldu
duguna gehiegizkoa izan da-eta. Honela afaria ez zaigu garesti atera.
Gauean, hamaikak aldera, beste portu batean gelditu gara, beste jende batzuk hartzearren.
Eskala hau, hala deitzerik badago, Ithaki-n egin dugula uste dugu, ferryko beste jende
batzuek Corfu irlan egin dugula uste arren.
Kamarotera joan gara lo egitera. Ni aitarekin eta Olatz ama bestean. Guk oso ondo egin
dugu lo, besteak aldiz lorik egin ez dutela esan digute.
Gauean euria egin du, bidai osoan ezagutu ez dugun zerbait eta kubiertako jende guztia
estalirik dauden lekuetara mugitu dira ez bustitzearren.
Esnatu ondoren ohean etzanda egon naiz. Itsasoaren eta motorraren mugimendua igartzen
den arren ez du batere molestatzen. Dutxa bat ere hartu dugu.
Porturatu aurreko denbora kubierta eta tabernan eman dugu. Gosaldu ostean ditugun
dracmak bertako "banketxean" aldatu egin ditugu, italiar lirak lortuz. 11,30ak aldera
jeitsi gara Brindisira. Bariranzko bidea hartu aurretik Brindisin gelditu gara, batez ere
banketxean italiar lirak lortzeko. Italian ez dago autopista Visa txartelaz ordaintzerik,
soilik txartel berezi bat onartzen dute, bestela esku diruz ordaindu behar delarik.
Barin gelditu gara bazkaltzen. Zentroan aparkatu dugu eta jatetxea aurkitzen zaila egin
zaigu eta galdetu beharra izan dugu. Txinatar jatetxe batean gelditu gara bazkaltzen. Oso
ondo jan dugu eta ez da garestia izan.
Autopista harturik kilometroak azkar egiten dira. Ez dugu denbora asko galtzeko
asmorik, eta San Marinon bakarrik egin dugu geldiunea.
San Marinora iristeko autoestradatik irten eta 15 bat km-tako desbioa egin behar izan
dugu.
Ez dugu denbora gehiegi egin bertan, baina polita dela konturatu gara. Aintzinako erara
dago eraikia, mediebal modura, eta gainera aste honetan "Erdi Aroko Festibalak"
ospatzen dituzte eta kaleetan zehar musika bandak dabiltza, baita ere ikuskizun bat
bertako plaza batean.
Aurretaz gain, oso turistikoa da, eta prezioak zifra kopuru handia erakusten dute. Denda
asko daude, bitxi eta alkohol dendak batez ere, ziur aski portu-frankoa delako eta
zergarik ezartzen ez zaizkielako. Jatetxeak ere ugariak dira, baina gehienak garestiak edo
garestiegiak dira.
Bertan afaltzeko asmoa genuen baina iritziz aldatu eta autopistako "restop" batean
afalduko dugu. Gose handirik ez dugu, txinatar jatetxean asko jan dugulako eta bokadilo
bat izan da afaldu duguna.
Kilometro batzuk egin eta beste restop batean gelditu gara lotarako.
20 gradu daude gauean, ez dago hotzik eta aitak eta nik kanpoan egin dugu lo eta Olatz
eta amak kotxe barnean.
Uztailak 22
Goiz esnatu gara eguzkiaren beroek lagundurik.
Zerbait gosaldu eta aurrera egi dugu. Frantziako mugara iristean diru aldaketa egiteko
ofizinan gelditu gara, kasu honetan italiar lirak frantziar liberengatik ordezkatzeko.
Muga arazorik gabe pasa ondoren aitak betaurrekoak ofizinan utzi dituela adierazi du,
beraz hurrengo irteeran norabide aldaketa egin ondoren Italia aldera abiatu gara.
Iritsitakoan hara non konturatu den betaurrekoak poltsikoan dituela. Ez dugu berriz
ordaindu beharrik izan, beste norabidea hartzeko pasabidea bait zegoen autopista
kobraketa postua baino lehen, gainera italiar lirarik ez dugu.
Cannes-en gelditu gara eguerdiko ordubata aldera. Kotxea aparkalekuan utzi eta hiru
hauek hondartzan gelditu diren bitartean, Txiki eta ni turismo piska bat egitera joan gara,
aurrez otarteko bana erosi eta jan ondoren.
Prezioak oso garestiak dira, eta jan dugu otarteko miserablearen truke 20 libera ordaindu
ditugu. Geroago konturatu gara Mc Donaldo bat ere badagoela eta bertan jan ezkero
prezioak merkeagoak izango liratekeela.
Turismoa egiten ibili naizen denboran: mendixka gainean dagoen gaztelutxoa bisitatu,
kaleetatik ibili, petanka jokoan dabiltzan jendea ikusi eta hondartza inguruan dagoen
pasealekuan ibiltzen eman dut denbora.
5,30 aldera atera gara Cannestik. Aitak eta Olatzek Marsellan gelditu nahi dute eta ama
biok aldiz ez. Txikiri eritzia galdetzea ezinezkoa denez, "kara-kruzean" bota dugu eta
Donostiara abiatzea tokatu da, baita halaxe egin ere.
Frantziako autopistak oso garestiak dira, italiakoak baina gehiago. Hala ere kilometroak
azkar egiten dira. Restop batean garesti afaldu ondoren, berriz ere hartu dugu Donostiako
bidea.
Goizeko 1,15tan iritsi gara Donostiara.
Trackback URL for this post:
- Flag as offensive
- bidai's blog
- Add new comment
- 1298 reads




Recent comments
48 weeks 5 days ago
50 weeks 4 days ago
50 weeks 4 days ago
50 weeks 5 days ago
51 weeks 21 hours ago
1 year 1 day ago
1 year 1 week ago
1 year 1 week ago
1 year 1 week ago
1 year 6 weeks ago